Langile guztiek behar izaten dituzte erremintarik egokienak beraien lana txukun burutzeko. Trikitilariek ere, soinean eramaten dituzten lanabesak direnik eta preziatuenak izaten dira, altxor baten modura zaintzen dituzte. Hari horri tiraka, trikitixaren munduan altxor preziatuenak izan dira Marcelino Larrinagaren eta Florentino Guerriniren eskuetatik sortutako soinuak. Liburu honetan tokia egin nahi izan diegu etxeetan gordeta dauden egurrezko bitxi horiei.
Euskal Herrian zehar trikitixa ugari aurkitu ditugu molde honetakoak. Kepa Gonzalez argazkilariaren proposamenez etxez etxe joan gara soinu hauek dauden ingurunean bertan argazkiak ateratzera, soinu bakoitzari bere tokia errespetatuz. Soinuen jabeek beraien etxeetako ateak ireki dizkigute eta Kepak etxeko tokirik egokienak aukeratu ditu argazkiak burutzeko, ondoren estudioan mimo handiz landu dituelarik.
Soinu asko aurkitu eta identifikatu ditugun arren, liburu honetan ezin izan diegu guztiei tokia egin. Estetikoki edo kanpoko itxura berdinak dituztenetan, batzuetan, aukeraketa egin behar izan dugu eta beraz ez ditugu guztiak argitaratu. Barka bezate argitaratu ez ditugun soinuen jabeek.
EHTEk argazkietan agertzen diren soinu jabeei, eta liburu honetan kabitzerik izan ez duten soinuen jabeei ere, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu beraien denbora guri eskaintzeagatik, beraien etxeetako ateak ireki eta sukaldeetaraino sartzen uzteagatik edo eta altxorrik preziatuenak diren soinuak beste norbaiti utzi eta argazkiak ateratzeko baimenak emateagatik.